EUSKALTEGIAREN IBILBIDEA

Juan Mateo Zabala euskaltegia, hasieran, Iralabarriko gau-eskola zen eta 1974-1975 ikasturtean sortu zen, bere inguruan euskara zabaldu eta suspertzeko.

1983an Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) sortzeaz batera, Bilboko idazle eta euskaltzale ezagunaren izena hartuta, gaur egun duen euskaltegi izaera hartzen du eta 1984 urtean Gordoniz kaleko 22an bere egoitza zabaldu.

1995ean, ume eta gazteentzako errefortzu eta errekuperazio eskolen eskaerari erantzun nahian, zerbitzu berri bat sortu genuen, J. M. Zabala akademia.

1997 urtean enpresa eta erakundeetarako ikastaroak eta euskara planak egiten hasi ginen Guggenheim Bilbao Museoan euskalduntze planaz. Harrezkeroztik, erakunde eta enpresa askotan ibili gara.

2003an euskaltegiaren Curriculum Proiektu berria aurkeztu zen, HABEren Curriculum berrira egokituta eta, geroago, Hizkuntzen Irakaskuntzarako Europako Marko Bateratura egokitzeko ere.

Era berean, berrikuntza prozesu sakonari ekin genion, bai baliabideen arloan, teknologia berriak, intraneta, eta abar, baita lan egiteko prozesu eta metodologiarenean ere. Horren ondorioz, kalitatearen kudeaketaren printzipioetan oinarritutako sistema eratu zen, ISO araudiaren arabera, hasieran, eta EFQM ereduaren araberakoa geroago.

Gaur egun, euskaltegiak eskaintzen dituen helduentzako euskara-eskolez gain, ikaskuntza arautuko ziklo guztietarako errefortzu eta errekuperazio eskolak ematen ditugu, bi urteko umeen taldeetatik hasita, euskaraz zein gaztelaniaz.

Euskaltegiaren programazio eta material didaktiko guztiak berritu berri ditugu gure inguruan ez ezik hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzaren arloan ere gertatu diren hobekuntza eta berrikuntzak sartzeko: ikasleen autonomia eta trebetasunak lehenestea, teknologia berrien erabilera, ikas-mailen akreditazio ofizialak, eta abar.

 

NOR IZAN ZEN JUAN MATEO ZABALA

Juan Mateo Zabala (Bilbo, 1777ko irailaren 21a - Zarautz, 1840ko otsailaren 6a) euskal idazlea izan zen.

1792an frantziskotarren ordenan sartu eta 1803an apaiz egin zen. 1815ean Zarauzko frantziskotarren komentura joan zen eta bertako nagusi izan zen 1826 eta 1839. urteetan.

Lan handia egin zuen misiolari gisa, beti Bizkaiko herrietan barrena. Pedro Antonio Añibarro laguna izan zen, eta harekin batera bizi izan zen komentuan. Gutun trukaketa jakingarria izan zuen Lécluserekin eta Ulibarrirekin.

Euskarari buruzko obrak idatzi zituen, guztiak hil ondoren argitaratu zirenak: El verbo regular vascongado (1848), bizkaierazko aditza aztergai duena; Noticias de las obras bascongadas que han salido a luz después de las que cuenta el P. Larramendi (1856); Fábulas en dialecto vizcaíno (1907), Julio de Urquijok, RIEVen argitaratuak. Azken lan honetan Juan Antonio Mogelek idatzitako alegia batzuk ere aurkitzen dira bertan jasoak. Zarauzko frantziskotarren komentuan gordetzen dira oraindik Zabalaren eskuizkribu argitaragabeak.

Euskara   -   /   -   Castellano

Bilatu

Garraiobideak

BILBOBUSak: 27-72-77; 18-38-48-58-85

TRENa: Ametzola geltokia

METROa: Indautxu geralekua

TRANBIA: La Casilla geralekua

KONTAKTU AZKARRA